XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Argi dago: Pott bandakoek literaturaren kontzepzio eta estilo literario berri bat estreinatuko dute.

Literaturaren kontzepzioaren aldetik, zera azpimarratu beharko genuke: Ustela-ren ideiari jarraituz, literatura ekintza autonomo bezala ulertuko dute, autonomia hori azken puntuetaraino indartuz: Ez gaude inori serbitzeko, geure buruak argitzeko baino (14).

Bide horretatik, editoreak kritikatuko dituzte: Eskritoreak editoreak behar ditu, baina gozotasun batekin, eta ez odolkiak bailiren, inongo kriteriorik gabe (15).

Beste zeregin bat ere beharrezkoa iruditzen zaie: Gure lana ezik, beharra atzematen dugun falazia oro desmentitzea eta egia oro baieztatzea da (16).

Horien ustez, literaturak presio politikoetatik libre egon behar du.

Ideologia politiko guztiak baztertu egiten dituzte literaturan aritzerakoan; konpromiso politikorik gabeko literatura sortzen dute, beraz: Pott bandakoen lau deklaraziok planteamendu hau argituko digute: 1) Ideologiatik eskemetara, hauetatik hitz pare soil batzuetara, hara hor askoren desarroilo mentala (17).

2) Guk badakigu zenbait alderdi politikok baino jende gehiago bilduko genukeela inoiz mitinen bat egingo bagenu, baina frogak ematen ibiltzea ahuleziaren seinale denez, patxadaz gelditzen gara etxean (18).

3) Eskubikoek zein ezkerrekoek ez digute hazkurerik ere egiten (19).

4) Politika subnormalitatearen formatzat hartzen dugunez gero, boikota egiten digute herri honetako iraultzaileek (eta dakizuenez, herri honetan ia denak dira iraultzaile) (20).

Estilo literarioaren aldetik, areagotu egiten dute Ustela-ren joera informala, sasi-editorialez josirik lehenengo bost aleak.

Literatura ironikoa eta kritikoa lantzen dute, baina era zuzen batean, egia osoa agertuz.

Askotan irakurleak ridikulu sentitzen du bere burua, cul-de-sac batean aurkitzen da atrapaturik.

Une batez hausnartzen du, eta egiak begirik ez duela konturatzen da: bidea libre du orain.

Euskarak ere badu garrantzirik aldizkari honetan, bi arrazoirengatik: alde batetik, beren helburua ez delako euskara hutsean egitea, erdal literaturari ateak zabalik uzten dizkiote.

Eta bestetik, erabiltzen duten euskara espresabide benetan bitxia delako: Pott-en euskara Txukera da, beste euskara guztien entsalada (21).

Beste euskara horiek euzkera (batzokietako euzkera), bizkaiera (bizkaitar amorratuena), euskara bantua (euskaldun berriena), gipuzkera (gipuzkoarrena) eta euskara batusia (etor zenizkidakete bezalako erak erabiltzen dituzten horiena - Euskaltzaindia) lirateke.